Frédéric Mitterrand, Frantziako Kultura ministroa Baionan izan da larunbat goizean. Leon Bonnat museoa eta Baiona-Akitania Hegoaldeko Eszena bisitatu ondoren, Herriko Etxera hurbildu da Baiona Historia eta Artearen Hiria izendatzen duen hitzarmena sinatzeko. Bertan zelarik, interneten bidez jarduten duten euskarazko hedabideek eginiko salaketaz mintzatu da Mitterrand.�Frantziako prentsa agentziak eta argitalpenak kudeatzen dituen batzorde parekideak (CPPAP) okzitaneraz eta euskaraz jarduten duten sareko hiru hedabideei ez die onartu "informazio orokorra eta politikoa lantzen duten hedabide elektronikoen" izaera eta ondorioz diru laguntzaren heina murriztuko diete La Setmana, Ipar Euskal Herriko Hitza eta KAZETA.INFO hedabideei. Parisek hartu erabakia sortu duen "arazoa" konpontzen eta, hain zuzen ere, diru-laguntzak emateko irizpideak aldatzeko ahaleginduko dela hitza eman du Mitterrandek.
Frédéric Mitterrand, Frantziako Kultura ministroa�, Pirinio Atlantikoetako departamenduan da larunbat huntan. Goizean, Baionan izan da. Hain zuzen ere, arramoldatze handia burutzen ari den Bonnat Museoa bisitatu du lehenik handik Baiona-Akitania Hegoaldeko Eszenak duen egoitzara hurbilduz.
Mitterrand�Lapurdiko hiriburua Historia eta Artearen Hiria bezala izendatzen duen hitzarmena sinatzera etorri da Baionarat. Ekitaldia Herriko Etxean iragan da. Baionaren aldeko defentsa sutsua egin du ministroak, txikitan Euskal Herrira etortzen zela oporretan oroituz.
Lapurdiko hiriburuaren edertasuna goraipatu eta historian zehar bertan izan diren kulturen arteko gurutzatzeak aipatu ditu Mitterrandek. Hurrengo bisita batean Euskal Museoa bisitatzeko nahikeria agertu du ministroa, Baionako "kultur ondarearen" gorazarre eginez.
Ekitaldi horren ondotik, ministroa kazetariekin mintzatu da. Besteak beste, France 3-Euskal Herri eta Euskal Irratietako kamera era mikrofonoen aitzinean hitz egin du ministroak.
FR3-Euskal Herriko Allande Boutin kazetariak heldu den Martxoak 31ean Baionan ez ezik baita�hizkuntza gutxituak dituzten beste herrialde batzuetan ere -Herrialde Katalanetan, Korsikan, Bretainian, Okzitanian eta Alsazian-�eginen de Deiadar manifestazio deialdiari buruz galdetu dio ministroari.��Galdera baliatu du ministroak ez euskararen aldeko lege baten beharra xede duen manifestazio deialdiari buruz bere iritzia emateko baizik eta euskarazko hedabideek Parisen idekia duten auzi batetaz mintzatzeko.
Hain zuzen ere, hegazkinean zetorrelarik hedabide hoiek duten "arazoa"ri buruz informazioa jaso duela erran du Mitterrandek.�Ondoren, diru-laguntza publikoak jasotzeko orduan hedabide horiek jaso duten tratamenduarekin ez dela ados gaineratu du. Gaia beregain hartuko duela eta diru-laguntzak emateko irizpideak aldarazten ahalegingo dela azaldu du Kultura ministroak.
Diru-laguntzak emateko irizpideak aldatzeko engaiamendua
"Eskualde hizkuntzak Frantziako ondare gisa Konstituzioan sartu diren unetik babestu behar dira hizkuntz horiek eta ondorio guztiekin gainera. Ezagutzen dut hedabideek duten arazo hori eta pertsonalki dirulaguntzak emateko irizpideak aldatzen ahaleginduko naiz ; oso argi erraten diot, ez dakit lortuko dudan aldaketa hori baina, edozein kasuan, horren alde engaiatzen naiz" adierazi du ministroak Euskal Irratietako mikrofonotan.
Interneten bidez jarduten duten hedabide horiek "hedabide osoak" diren heinean, Mitterrand-en ustez "beste edozein media bezala" hartu behar dira.��KAZETA.INFO, La Setmana (astekari okzitandarra) eta Ipar Euskal Herriko Hitza aipatu gabe ere, hedabide hoiek Parisen zabaldurik duten auziari heldu dio ministroak.
Interneteko hedabideek jasotzen duten laguntza orokorratik kanpo utzi ditu�KAZETA.INFO, La Setmana (astekari okzitandarra) eta Ipar Euskal Herriko Hitza�Frantziako prentsa agentziak eta argitalpenak kudeatzen dituen batzorde parekideak (CPPAP). Hiru hedabide horiek frantsesa ez den beste hizkuntza batean jarduten dutenez, batzordearen arabera, komunitate zehatz baten herritarrengana baizik ez dira zuzentzen. Beraz, �CPPAPren araberan "ez dira informazio orokorreko mediak".
Euskaraz edo okzitandarrez jarduteagatik hiru hedabidek pairatzen duten diskriminazioa salatuz agerraldia egin zuten badira egun batzuk Baionan. Martxoak 3an iragan zen agerraldi horretan, euskarazko hedabideen eta euskalgintzaren ordezkaritza zabala izan zen. ( Hemen xehetasun gehiago ). Bertan erakunde ezberdinetara -hedebideetako sindikatuetara, kazetarien elkarteetara...- joko zutela auzia salatzeko iragarri zuten.
"Dozierrari buruz" informazio osoa ez zuela aitortu arren, Frédéric Mitterrandek batzordeak erabilitako irizpideekin ez dela batere ados eta horiek aldarazteko lan eginen duela hitza eman du Mitterrandek hauteskunde kanpainiaren atarian antolatua izan den bisita honetan.