«Konstituzioa aldatu gabe euskarak ez du frantsesaren eskubiderik ukanen»
Hizkuntzen ofizialtasuna eskatzearen balioa gutxietsi du Frantziako lehen ministro ohiaren aholkulariak Baionan, topaketetan. Euskalgintzako eragileek, saminez, erantzun diote jasanezina dela euskararen egoera.
Begien bistako baieztapen batek inarrosi zuen atzo, Tokiko hizkuntzak: jarraipena ala etena topaketetan, Baionako unibertsitatean bildutako euskaltzaleen gogoa: «Konstituzioan erreformarik egin ezean, hizkuntza gutxituak ez dira sekula egonen frantsesaren pare», erran zuen Guy Carcassonne Paris X unibertsitateko irakasleak. Michel Rocard Frantziako lehen ministro ohiaren aholkulari eta laguna da Carcassonne, eta zuzenbide arloko aditua. Hizkuntza gutxituen arloan aritu izan da luzaz. Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako erabakien harira eta epaileek konstituzioko 75.1 artikuluaren inguruan egindako ebazpenen ildotik, etsipenez aitortu zuen hizkuntza gutxituek ez dutela aitortza biderik konstituzioan erreforma sakon bat egiten ez bada. Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa dela dio konstituzioko bigarren artikuluak, gainerateko hizkuntzen aipamena baztertuz.
«Erraten delarik Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela, ulertarazten da frantsesa dela frantziarren hizkuntza», erran zuen Carcassonek, konstituzioko 2. artikuluari begira. Aipamen horrek espero ez ziren ondorioak ukan dituela adierazi zuen, gainerateko hizkuntzei eskubideak ukatu dizkiela. Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu zuen, baina ez zuen berretsi, tartean Konstituzio Kontseiluak jakinarazi baitzuen hainbat puntuk konstituzioa urratzen zutela.
Frantziako Konstituzioak Frantziaren «ondaretzat» hartu ditu hizkuntza gutxituak, baina epaileek egindako ebazpenek berehala argitu zuten adierazpen horrek ez diela eskubiderik aitortzen. Sortutako itxaropenak bertan lurperatu zirela erran du Carcassonek. Lege batek egoera erraztuko lukeela azaldu du, baina aldi berean gogorarazi du orain arteko saioek ez dutela ondoriorik ukan. Hala ere, aldaketarik egingarriena lege baten sustapena litzatekeela adierazi du. Hizkuntza gutxituen aurkako zein aldeko jarrerak Frantziako alderdi politiko guztietan atzematen dira, eta horrek legea onarraraztea zailtzen duela zehaztu du, ordea.
Hizkuntza gutxituei ofizialtasuna aitortzearen balioa gutxietsi du Carcassonek. Ofizialtasunak inposizioaren irudia eragiten duela argudiatu du, eta azaldu sinboloen inguruan uzkurtzen diren jarrerek kontrako ondorioak lortzen dituztela. «Frantsesa ez da Frantziako hizkuntza ofiziala, hizkuntza konstituzionala baizik», erantsi du argibide gisa.
Aitormenik ez
Frantziako Kultur Ministerioaren eledun gisa mintzatu zen Michel Alessio Frantsesa eta Frantziako Hizkuntzetarako Batzordeko ordezkaria. Hizkuntza gutxituekiko politikan hausturarik ez dagoela azaldu du. 75.1 artikuluak hizkuntza gutxituei ondare balioa eman arren horrek ez duela neholako eskubiderik aitortzen nabarmendu du. Beraz, arau baliorik ez duen adierazpena dela ebatzi du. Frantsesez egindako hitzaldian, declaratif (adierazle) eta decoratif (apaingarri) hitzak nahasi zituen artikulu horren balioa azaltzerakoan. Umorez azaldu zuen nahasketa baino ez zela izan.
Hizkuntza gutxituen aldeko lege baten eskaerari dagokionez, Frederic Mitterrand Frantziako Kultura ministroaren hitzak ekarri zituen gogora: «Lege beharrik ez dago; legerik gabe ere gauza anitz egin daitezke gaur egun plantan dagoen sistemaren barruan». Gaur egun lau lege proposamen daude Frantziako Parlamentuan, baina aitzinera ateratzeko esperantzarik ez dago. Lege batean oinarritzen ez diren bideak jorratu behar direla agertu zuen.
Arropa saltegi baten adibidea hartu zuen, azaltzeko lurralde bakoitzak neurrira egindako hizkuntza politika behar duela, denen neurrira egindakoak ez lukeelako nehorendako baliorik.
Legeak baimentzen dituen eta egiten ez diren ildoetan sakondu behar dela erran du Alessiok. Hala nola azaldu du deusek ere ez duela debekatzen herriko etxe batek euskaraz egitea bilkurak edo aktak, betiere dokumentuak ofizialak izateko frantsesez egin behar badira. Frantziak onartu duelarik tokiko hizkuntzak Frantziaren ondare izatea, haien gaineko ardura eta erantzukizuna guztiena dela azaldu du. Eta horren kudeaketa estatuaren eta eskualdeetako erakundeen artean banatu behar dela azaldu du.
Euskalgintza, sumindurik
Euskalgintzako gizarte eragile ugari egon ziren Carcassonen eta Alessioren mintzaldiak entzuten, eta haien hitzek eragindako suminduraren berri eman zuten galderen unean. Ofizialtasuna eskatzea estrategia okerra dela erratea onartezina dela erran zion Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko kideak Carcassonni. Zapalkuntza egoera guztietan eskubideak aldarrikatzen direlarik eta ohar mota hori jasotzen delarik sumintzekoa dela adierazi zuen. «Zuen hitzaldiak entzun ondoren, legeak ez badu baliorik, ulertu beharko dugu hizkuntza gutxituek bizirik iraun nahi badute estatu baten beharra dutela».
Ildo beretik ihardetsi zion Paxkal Indo Seaskako lehendakariak Carcassoni. Frantziak hizkuntza bat ofizial bihurtzeko legitimitaterik ez duela erran zion: «Ulertu behar badugu hizkuntza batek bere herriari zor diola legitimitatea, autodeterminazio eskubidea baliatu behar dela badiozu, ados gaude horretan». Eguneko txalo zaparrada bakarra entzun zen aretoan hitz horien ondotik, Carcassonen harridurarako.
«Ofizializazioa, ko-ofizializazioa... hitzak baino ez dira, funtsean eskatzen duguna ezagutza eta aitortza direlako», gaineratu zuen Indok, martxoaren 31n Baionan eginen den Deiadar manifestazioari erreferentzia eginez. Ofizialtasunaren eskaria atxikiko dutela erran zuen, hizkuntza gutxituek onarpen instituzionala behar dutelako, urrats delarik hori hizkuntza bizituen iraupena bermatzeko.
Lege batek gauza batzuk baimendu eta bertze anitz debekatzen dituela gogorarazi zuen Indok. «Ezagutza instituzionalik ez duen Frantziako lurralde bakarra gara, baina Estatua-Lurraldea hitzarmena duen bakarrak gara». Euskararen Erakunde Publikoaren sorrera hitzarmen horren ondorioa dela nabarmendu zuen Indok, orduan Frantziako Konstituzioan hizkuntza gutxituen aipamenik atxikitzen ez bazen ere. Aitzinera egin ahal izateko lege oinarria eta estatuaren laguntza funtsezkoak direla erran zuen Indok.
Bortairuk azaldu zuen ez zuela berrikuntzarik antzeman Alessioren diskurtsoan. «Mingarria da, ordea, dena dutenen partetik (konstituzioa, legea, dirua) gauza anitz egin daitezkeela entzutea. Sumintzekoa, duenak ez duenari erraten diolarik zer egin dezakeen; faltsukeria erakusten du».
Indok ohartarazi zuen euskararen alde diharduten gizarte eragileak hobeki zeudela 2011ko maiatzeko ebazpenaren ondotik. «Ez dakit lehen 75.1 artikuluak zerbaiterako balio zuen, baina bederen eragileek balio bat ematen genion, eta baliatu dugu auzapezei eta agintariei laguntza eskatzeko orduan. Konstituzio Batzordearen barruan erreformak egin behar direla erantsi zuen Indok. Batzordearen osaketa aldatzen ez den bitartean haien iritzia eta ebazpenak ere ez direla aldatuko erran zuen.
Alessiok aitortu du badirela diskriminazio kasuak
Baionara frantsesaren eta Frantziako hizkuntzentzako ordezkaritzaren izenean heldu zen Michel Alessio, eta onartu zuen hizkuntza gutxituek diskriminazio kasuak pairatzen dituztela. Aitorpen publikoa izan da, David Grosclaude Akitaniako hautetsiak egindako oharrari erantzunez. Grosclaudek jakinarazi du Frantziako Kultura Ministerioak trabak ezarri dizkiela hiru hedabideri Interneteko hedapena laguntzeko orduan. Ipar Euskal Herriko Hitzak, Kazeta.info-k eta Okzitaniako hedabide batek Internet bidezko hedapena egiteko diru laguntza eskatu zioten Frantziari. Kultura Ministerioak erantzun zuen ez ziela aitortzen «interes orokorreko izaera» baina kultur eragile gisa hartzen zituela, orotariko informazioa landu arren. Informazio guztia euskaraz edo okzitanieraz egiten dutenez, hizkuntza horietan mintzo den «gutxiengo» bati mugatzen direla argudiatu zuen ministerioak. Gisa horretan, diru laguntzak heren batez apaltzen dira, kopuruak txikiak izan arren. Jakinean zegoela erantzun du Alessiok, eta diskriminazio nabarmena dagoela onartu. Egoera hori bideratzeko ondoko asteotan bilkura bat eginen dutela jakinarazi zuen. «Bai EEPk, bai bertze eragile batzuek, kasu horren berri eman digute, eta konponbide bat emateko eskatu». Frantziako Kultur Ministerioak egoera hori aztertu eta zuzentzeko borondatea duela azaldu zuen Alessiok. 2004ko dekretuak frantsesezko hedabideek dituzten eskubideak hizkuntza gutxituei emateko dela gaineratu dute.
ESANA. UR APALATEGI. EUSKAL FILOLOGIAKO DOKTOREA
«Ofizialtasun eskariak ez du beldurtzen, ez da erradikal batzuen esku, gizarte osoak berea egin baitu»
Mobilizazioa da eskubideen eskulekua Kontseiluarentzat
Kontseiluak dio gizartearen mobilizazioa dela bidea euskaraz bizitzeko borondatea erakusteko
Frantziak hizkuntza eskubideen ukazio fasean segitzeko erabakia hartu duela salatu du Ione Josie Behatokiko Ipar Euskal Herriko eledunak Baionako topaketen ondoren. Tokiko hizkuntzak: jarraipena ala etena zen atzoko topaketen izenburua, eta, Josieren iritziz, hizlariek argi erantzun dute Frantziak orain arteko logikan segitzen duela. Alegia, «ukapenaren zikloan», euskal hiztunei eskubide berririk bermatuko liekeen ziurtasunik eskaini gabe. Adituek argi jakinarazi dute Frantziako Konstituzioko bigarren artikulua indarrean dagoen bitartean euskarak edo gainerateko hizkuntza gutxituek ez dituztela ukanen frantsesak dituen eskubide berak. Kontseiluak mobilizaziorako deia egin du.
«Herritarren hizkuntza bermatzeko tresna ofizialtasuna da, administrazioari betebeharrak finkatzen dizkiona. Ofizialtasuna ez bada aitortzen, nolako estatusa beharko luke gure hizkuntzak herritarrek normal-normal, balio juridiko osoz, frantsesarekin berdintasunean, euskara baliatzeko administrazioarekiko harremanetan?», galdetu du Josiek.
Carcassonnen hitzek egoerarik gordinena erakutsi dutela nabarmendu du, adierazi duelarik konstituzioa aldatu gabe tokiko hizkuntzak ez direla sekula hartuko frantsesaren maila berean. «Ofizialtasunaren esparrua gainditzen du horrek; alegia, gure hizkuntzak ez direla sekulan izanen frantsesaren pare».
Sakoneko jakobinismoa
Hizlariek Frantziaren sakoneko jarrera jakobinoa agerian utzi zutela erran du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Kontua ez da konstituzioa aldatu behar den ala ez. «Estatuak ez ditu onartzen oinarriko printzipioak, hots, berak kudeatzen duen lurraldean badaukala benetako hizkuntza aniztasuna. Aniztasun hori demokraziaren bidez, berdintasun ereduaren bidez kudeatu beharko luke». Horretarako bideak itxirik daudela ondorioztatu du Bilbaok.
Konstituzioko 75.1 artikulua eraginkorra izan ala ez, Frantziaren egiazko hizkuntza politika zein den agerian gelditu dela azaldu du Bilbaok. «Frantziak hizkuntza bakarra du, eta besteen egoera kudeatzeko ’tolerantzia’ baliatu izan dute. Baionan entzundakoaren ondoren, argi ikusten dugu ez ikusiarena baino ez duela egiten; alegia, euskararen desagerpenaren kudeaketa».
Mintzaldietan aipatu dute Nazio Batuen Erakundeak (NBE) oharra egin ziola Frantziari, sakoneko aldaketak egin zitzan. Hori ere aldatu eta baliogabetu dute, Bilbaoren iritziz. NBEko batzordeak ez zien esan bakarrik Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi behar zutela, baizik eta Frantziako Konstituzioa aldatu behar zutela. Frantziak entzungor egin ziola erran zuten orduan, eta orain berretsi. «Euskaraz bizitzeko helduleku juridikorik ez dago Ipar Euskal Herrian, eta gizarte mugimenduok erakutsi behar dugu euskaraz bizi nahi dugula».
Lege xedea egiteko laguntza eskatu diote Carcassoneri
Zuzenbidean hizkuntza gutxituen aldeko lege egitasmoek dituzten trabak ikusirik, oztopo horiek gaindituko lituzkeen lege xede baten osaketan laguntza ematea eskatu zion Carcassoni Frederique Espagnac PSko senatariak. Sozialisten programan agertzea nahi du Espagnacek.
- Baiona / Bayonne : Deiadar
- Poetàe / Poitiers
- Tolosa / Toulouse : Anem Òc! per la lenga occitana !
- Lille
- Kemper / Quimper : Deomp de’i!!
- Aiaccu / Ajaccio : Catena umana
- Perpinyà / Perpignan : Lipdub per la llengua catalana
- Strasbourg / Strossburi
- In-nsi/Annecy
- Metz
